Idazkera paleohispaniko

Idazkera paleohispanikoen hedadura geografikoa. Joan Ferrer i Jané (2020).

Idazkera paleohispanikoak Iberiar penintsulan sortu eta alfabeto latinoa idazketa-sistema nagusi bihurtu aurretik erabili ziren idazketa-sistemak dira. Gutxienez, K.a. V. mendetik (agian K.a. VII. mendetik) aurrera eta K.a. I. mendearen amaiera arte edo K.o. I. mendearen hasiera arte[1] erabili ziren.

Alfabeto greko-iberikoa izan ezik (alfabeto greko joniarraren egokitzapena), gainerako eskritura paleohispanikoek ezaugarri tipologiko bereizgarri bat dute: balio silabikoa duten zeinuak dituzte kontsonante herskarietarako (d, g, p, t, k..), eta balio alfabetikoa duten zeinuak gainerako kontsonante eta bokaletarako. Idazketa-sistemen sailkapenaren ikuspuntutik, ez da alfabetoa ez eta silabarioa, baizik eta normalean erdi-silabario gisa identifikatzen den erdibideko idazkera mota. Signario edo zeinu-multzoa izendapena ematen zaie.

Beheko tauletan ikus daitekeen bezala, fonema batzuk ez dira bereizten hauetako idazkera batzuetan. Adibidez, zeltiberiar ez dualean, zeinu berdinez idazten dira fonema hauek: BA eta PA, BI eta PI, PE eta KE, GA eta KA, DA eta TA, eta abar. Ipar-ekialdeko idazkera iberikoan, bereizten ez direnak dira: G eta K, D eta T[2] (P-rik ez dago iberieraz). Sistema dualetan kontsonanteak hobeto bereizten dira; idazkera mota horiek ez dualak baino zaharragoak dira.

Jatorriari buruz ez dago adostasunik: ikertzaile batzuen ustez, haien jatorria soilik feniziar alfabetoari lotuta dago; beste batzuentzat, berriz, sortzeko unean, alfabeto grekoak ere eragina izan zuen.

Hizkuntza paleohispanikoek Iberiar Penintsulan bertan sortutako eskritura erdisilabiko hauek nahiz alfabetatze kolonialak erabili zituzten, hala nola greko joniarra edo latina.[3]

  1. (Gaztelaniaz) Palaeohispanica. Revista sobre lenguas y culturas de la Hispania Antigua (19) 2019-12-27  doi:10.36707/palaeohispanica.v0i19. ISSN 1578-5386. (Noiz kontsultatua: 2020-05-06).
  2. «Hesperia. Banco de datos de lenguas paleohispánicas» hesperia.ucm.es (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  3. (Gaztelaniaz) «Hesperia. Banco de datos de lenguas paleohispánicas» hesperia.ucm.es (Noiz kontsultatua: 2022-11-22).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search